Geografia
Arakilgo udalerria Iruñerria Arabako Lautadarekin lotzen duen bailara naturalaren parte da, Urbasako mendikateen sakonunean eratua dagoena —Andia hegoaldetik eta Aralar iparraldetik—. Guztira 35 kilometro ditu, Ziordia eta Aizkorberen arteko zatian dago, eta Sakana izenaz ezagutzen den unitate naturala osatzen du. Korridorearen ekialdeko muturrak —bertan dago Arakil— Iruñea hiriaren eragina du, eta gainerakoa erdibideko landa-eremua da, Urbasa, Andia eta Aralar mendilerroetako gune natural zoragarriek mugatzen dutena. Sakanako kokapenak eta bere ezaugarri fisikoek eragin handia izan dute bere bilakaera sozial, demografiko eta ekonomikoan. Topografiak barne koherentzia handia eman dio korridoreari, eta faktore erabakigarria izan da bere historian, horren eraginez bihurtu baitzen Nafarroako erdialdearen eta penintsulako ipar-mendebaldearen arteko komunikabide garrantzitsuena, Araba eta Bizkaiarekiko komunikazioei dagokienez batez ere. Tradizioz, igarolekua izan da eta komunikabide ardatz garrantzitsua. Arakilgo mugarte administratiboak Sakanako korridorearen ekialdeko muturra hartzen du barne, eta puntu horretan bat egiten du komunikabideetako gune garrantzitsu batekin, alegia, Nafarroaren eta Araba zein Gipuzkoaren arteko komunikabideek osatzen duten gunearekin.
Arakilgo lurraldearen mendebaldeko muturraren segidan Sakanako korridorea dator, Aralar eta Urbasa-Andia mendikateek argi eta garbi zehazten dutena. Ekialdeko muturrak bi eskualderekin egiten du muga: batetik, Larraungo bailararekin, Bi Ahizpak izeneko pasabidearen bitartez, eta, bestetik, Iruñerriarekin, Arakilgo ibaiak Oskiako haitzartean eragindako irekigune naturaletik. Arakilgo lurralde osoa ekialde-mendebalde bailara lineal gisa eratua dago, eta Satrustegiko mendilerroak (1.110 m.), Gazteluko tontorrak (900 m.) eta Bizkaik (823 m.) osatzen duten mendi-elementuek zehazten dute hegoaldea. Aralarko mendi-hegalek bailara itxten dute iparraldetik, Madalenaitzetik (861 m.), mendebaldeko muturrean, Larrazpiraino (1.008 m.), ekialdeko muturrean. Azkenik, mendebaldean, Aranazko lurrak daude, eta ekialdean, Trinitate mendiak (1.092) ixten du bailara. Bailarari nortasuna ematen dieten mendiak bat-batean ageri dira paisaian, eta harkaitz ederrak osatzen dituzte goiko kotetan. Era berean, maldak gutxituz joaten dira beheko kotetarantz jaisten den heinean. Seguruenik, bailara hobekien definitzen duten faktoreetako bat Satrustegiko mendatea osatzen duen tontorra izango da. Sakanako luzera osoan dago, eta Urbasa-Andia mendilerroaren sinklinala mugatzen du. Badaude bi toki topografia bereziki gorabeheratsua dutenak: Bi Ahizpetako eta Oskiako haitzarteek ibaiak landutako pasabide estuak eratzen dituzte, eta pasabide horiek edertasun natural handiko guneak osatzen dituzte. Arakil bailarak bi kota adierazgarri ditu, neurri handi batean bizimodu tradizionala eta hiriguneak mugatzen dituztenak. 500 metroko kota, zeinaren azpitik laborantzarako lur emankorrenak eta egokienak dauden. Era berean, hirigunea guztiak kota horren azpitik daude.
Arakil ibaia ere garrantzi handiko elementua da: bailarari izena ematen dio, eta haren inguruan ezarri ziren populazioaren lehendabiziko kokalekuak. Ibaiak luzetara zeharkatzen du bailara, mendebalde-ekialde norabidean, eta mugartea Oskiako haitzartetik uzten du, bere ibaiadar nagusiena hartu ondoren (Larraun ibaia), Urritzola ondoan. Klimatologiari dagokionez, bi faktorek izugarri baldintzatzen dute: batetik, Atlantikotik gertu egotea, eta, bestetik, bailararen berezko topografia, eguraldia euritsua, epela eta eguzki gutxikoa dakarrena. Era berean, azpimarratzekoa da herrian bi BIL daudela (Batasunaren Intereseko Lekuak), honako hauek: Urbasa-Andia mendikatea eta Aralar mendia.
Zuhaiztiak bi mendilerroetan hazten dira batez ere: batetik, eskuineko bazterrean, Gasteizko norabidean, Aralar mendiaren gainean, Egiarreta eta Etxeberri kontzejuen mugarteetan; eta, bestetik, ezkerreko bazterrean, Beriaingo mendi-hegalean, Ekai, Urritzola eta Errotzeko kontzejuetako lurretan. Egiarretako eta Etxeberriko lurretan hostozabalen basoak dira nagusi, eta horien %90 haritz ilaundunek osatzen dute, eta han-hemen beste hainbat zuhaitz ere badaude, hala nola, ametzak, astigarrak edo elorriak. Era berean, zenbait tokitan pinuen tantai-basoak ere aurkituko ditugu, eta gune misto batzuk, %60an pagoz osatuta, eta baita larizio pinuen haga-basoz ere, %40an. Zuhaitzik gabeko guneetan larreak daude, %20an Mediterraneoko sastrakek eta %20an txilardi-otadiek osatuak. Era berean, amezti batzuk ere badaude.
Izurdiagako eta Errotzeko lurretan hostozabalen basoak daude batez ere, karraskekin nahasian ametz ilaundunak ageri direla han eta hemen edo %20ko portzentajeetara gutxi gorabehera iritsiz. Tarteka, larizio pinuen tantai basoak (%90). Zuhaitzik gabeko guneetan larreak, elorri-sastrakak eta karraskak daude, gutxi gorabehera honako portzentajeetan: %70-%20-%10. Azkenik, Aizkorbeko Kontzejuan, Ergako Trinitatearen mendi-hegalean hostozabalen basoak daude, honako hauek osatuak: ametz ilaundunek (%90 inguru), larizio pinuen tantai-basoak, eta zuhaitzik gabeko guneetan larreak eta sastrakak (%50 bakoitzetik).
Ikus daitekeenez, Arakilgo basoek eta Batasunarentzat aukerazkoak diren tokiek (LIC) lurren zati handi bat hartzen dute, hain zuzen ere, gainazal osoaren %50 baino gehiago (%57,6, zehazki).
Bailararen erdigunean dauden lur gehienak laborantzarako eta larreetarako dira, eta bailarako nekazaritza eta abeltzaintza alorretako oinarri dira. Era berean, eremu horretan daude abeltzaintza ustiategiak. Eremu horrek zati handia hartzen du, eta udalerriaren ingururik baxuenetan dago, autobidearen bi aldeetan, Arakil ibaiaren eta mendi mugakideen artean. Gaztelu MendiaBabioko Mendizaleak, Gaztelu mendira, egindako bisitaren informazioa gure eskura jarri du, honako webgune honetan: http://elmontanerodebabio.blogspot.com.es/2014/02/el-monte-gaztelu-en-el-valle-de-arakil.html |
Arakilgo Udalaren buletina jaso nahi baduzu, idatzi zure helbide elektronikoa:
22/09/10 ESKOLA GARRAIOA 2022-2023 |
22/09/05 NEKAZARAITZARAKO IBILGAILUEN INSPEKZIO TEKNIKOA |
22/09/01 FESTEN EGUTEGIA |
22/08/10 Jaibus ordutegiak |
22/07/06 TXAKURRA AURKITUA |
BANDOAK 2022ko 1.SEHILEKOAREN URA |
BANDOAK 2022ko 1. SEHILEKOAREN KONTRIBUZIOA |
BANDOAK 2022ko ZIRKULAZIO ZERGA |
BANDOAK 2021eko 2.SEHILEKOAREN URA |
BANDOAK LEHENTASUNEZKO BIRGAITZE- EREMUA MUGATZEKO JARDUNA |